Aiarako hondakinak Jundizko Hiri Hondakin Solidoak tratatzeko instalaziora eramateko, Laudion hondakinen transferentzia-estazio bat dago.
Halaber, lurraldean bada puntu garbien edo "garbiguneen" sare bat. Egun, lurraldean estrategikoki banatutako zazpi instalaziok eta Gasteizko beste hiruk osatzen dute aipatutako sarea. Zenbait kasutan, foru aldundiak du kudeatzeko ardura eta, beste batzuetan, kuadrillek edo udalek kudeatzen dituzte.
Aipatu dugun bezala, Arabako ontzien hondakin gehienak Arabako Foru Aldundiak Jundizko Industrialdean duen Ontziak Sailkatzeko Instalaziora eramaten dira.
Aurretik ere aipatu dugu badela biometanizazio eta konpostaje instalazio bat lehen esandako industrialdean, Hiri Hondakin Solidoak tratatzeko. Instalazio horrek Lurralde Historiko osoko zaborra tratatzen du.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen (EEH) balorizatzeko moduko frakzioa tratatzeko eta berreskuratzeko, Gasteizko Udalak 2007an EEH Sailkatzeko eta Tratatzeko Instalazioa inauguratu zuen. Aipatutako azpiegitura Gardelegiko zabortegi kontrolatuan dago.
Zabortegira eramango dira, hain zuzen, balorizagarriak ez diren hiri hondakin solidoak. Zabortegia Arabako hiriburuaren kanpoaldean dago, eta Gasteizko Udalarena da.
Osagarri gisa, instalazio horren bizitza erabilgarria ez baldintzatzeko eta narriatutako eremuen paisaia eta ekologia lehengoratzeko, El Torco harrobi zaharraren betetze-eremua dugu: etengabeko betetze programa baten barruan, lur eta harkaitzen bidezko betetze sekuentziala egingo da, harrobi zaharra ingurumen aldetik lehengoratzearren. Betetze-eremuaren kudeaketa Arabako Foru Aldundiari agindu zaio, Vitoria-Gasteizko eta Iruña Okako Udalekin eta Langraiz Okako Administrazio Batzarrarekin izenpetutako hitzarmen baten arabera.